XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TELEOSTEO SAIL HAUNDIEN SINOPSIA

ELOPOMORPHA Superordena

Hauek oso sail desberdindua osatzen dute, zeren beren barruan nola Elopiforme-ak, autore batzuk Holosteoen barruan sartzen dituztenak, hala Saccofaringoideo-ak, garezurra oso aldatua dutenak, sartzen bait dira.

Denek beren garapenean larba leptozefalo bat dute.

Gehienak itsastarrak dira, eta, gaur egungoak, anguliforme tipokoak.

Honoko ezaugarri hauek dituzte: etmoide komisura bat aurpegi-hezurtxo kanalatuekin elkartua; erradio brankiostego ugari; eta beren hipuralak, dituztenean, hiru orno-zentru edo gehiagotan sostengatzen dira.

CLUPEOMORPHA Superordena

Oso sail homogeneoa da, batez ere itsastarra, gutxi eransten diren ezkatekin.

Gaur egungo beren forma guztiek garezur barruan, gas-maskuriaren eta barne-belarriaren arteko lotura hestua dute.

Oso salbuespen gutxirekin, maskuriaren albo bakoitzeko dibertikuluak, preotiko eta pterotikoaren artean izaten diren bi xixku zabal erabiltzen ditu.

Bere neurokranioak, salbuespen gutxirekin, hiru irekiune bereizgarri izaten ditu: lokialdeko foramena, epiotiko-aurreko hobia eta entzumen-fenestra.

Horrezaz gainera, albo-ganbara deiturikoa daukate pterotikoan kokatua eta barne-belarritik ganbara batek banantzen duena bertan albo-lerroko adarkadura zefalikoak bateratzen direlarik.

Dirudienez, Clupeiforme-ek, bularraldean erradio-elementuen ilada proximalak izateaz gainera, erradial distalen ilada bat dute.

Sail honetako kasik ordezkari guztietan, bigarren hipurala lehenengo isats-zentrutik bananduta dago.

Sail honetako ia espezie guztiak Clupeidae eta Engraulidae familiei dagozkie.

OSTEOGLOSSOMORPHA Superordena

Arrain kontinentalen sail hau Ipar Ameriketan bizi den Hiodon ezik, Hego Ameriketako, Afrikako, Asiako Hegoekialdeko, Ginea berriko eta Australiako alderdi tropikaletan besterik ez da agertzen.

Bere kide guztiek bi ezaugarri dituzte amankomunean: ondo garatutako hortzak izatea, nola mingainean hala parasfenoidean (hauen artean dentellada izaten delarik) eta normalean hezurtuak agertzen diren barra bikoitien garapena, bigarren zakatz-arkuaren oinaldean.

Arapaima gigas, perutarren paitxea hain zuzen ere, Amazonas-ko arroan bizi da eta ur gezetan ezagutzen den arrainik haundiena da: luzeran 2,7 m. izanik, 167 kilo pisatzen ditu.

PROTOACANTHOPTERYGII Superordena

Hirugarren ataleko oinarrizko saila da.

Beraz, ezaugarri primitibo ugari dituzte, adibidez, genero gutxitan ezik, goi-baraila protaktila ez izatea.

Bular-hegatsak, normalki, saihetsen beheko aldean izaten dituzte eta pelbis-hegatsak, ohi denez, oso atzean agertzen dira eta sei erradio baino gehiago dituzte.

Sail honen ordezkari itsastarrek sarritan izaten dituzte fotoforoak.

Sail honetako espezie askok gantz-hegatsak dituzte.

Myktofoideo batzuk beste edozein Salmoniforme-k baino gehiago aurreratu dute Akantopterigioen bidetik.

Aurrerapen honen adibideak hauek dira: bularrak goialdean izatea eta pelbianetako lotunea aurrean Aulopidoetan; Neoscopelidae-en goi-baraila eta aparatu hioidala eta brankiostegoa, Akantopterigio tipokoa, eta familia anitzen, Synodontidae eta Myctophidae barne direla, isats-formula berikoideo tipokoa.

Guzti horregatik, gaur egungo Miktofoideoen aurretikoa Percomorfo-en sail haundietako baten aurretikoarekin erlazionaturik egon liteke.

OSTARIOPHYSI Superordena

Bost espezie kontinentaletatik lau honi dagozkio, eta bere barruan sartzen diren 5000-6000 espezieekin gaur egungo Teleosteo forma desberdin gehienak dituenetakoa da.

Kontinente haundi guztietan agertzen dira, Groenlandian eta Antartidan ezik, nahiz eta sail honetako familia batzuk ere itsastar espezie anitz dituzten.

Sail honek, hain desberdindua izanik, hortzak gutxiago izateko edo desagertzeko joera garbia agertzen du, eta arpetako forma itsuek ere sartzen dira sail honen barruan.